Biologia eta horren adarrak

Biologia biziaren zientzia da. Organismo bizien ezaugarriak eta portaerak aztertzen ditu; baita izaki bizidunak nola heltzen diren izatera, espezien bilakaera eta euren arteko eta ingurumenarekiko harremanak. Biologiaren barruan batzuetan burujabetzat hartutako arlo akademiko asko sartzen da; euretariko batzuk behean dagoen zerrendan agertzen dira, azpikategoriak legez sailkatuta.
Biologiaren ikergaia izaki bizidunak dira, haren jatorria eta eboluzioa. Biologiak banakako organismoen zein espezien ezaugarriak eta portaerak ikertzen ditu, eta baita izaki bizidunen ugalketa eta ingurumenarekin dituzten harremanak ere. Labur esanda, bizitza organikoak jarraitzen dituen arauak edo lege orokorrak ulertzen saiatzen da.
Biologiak arlo edo adar ugari ditu, biziaren ikerketa ikuspuntu desberdinetatik aztertzen dutenak. 
Ikuspegi desberdina izan arren, zientzia biologiko guztiek izaki biziduna dute oinarrizko eta funtsezko ikergaia.
Zientzia biologikoen artean honako hauek dira aipagarrienak:
  • Zoologia: animaliak aztertzen dituen diziplina
  • Botanika: landare eta organismo fotosintetikoen ikerketan diharduen zientzia
  • Anatomia: gorputzaren egitura aztertzen duena
  • Mikrobiologia: mikrobioak (bakterioak eta birusak, batez ere) ikertzen dituena
  • Genetika: geneak eta herentziaren legeak aztergai hartzen dituena
  • Biokimika: bizidunen molekulak eta haien ezaugarriak aztertzen dituena
  • Biologia molekularra: bizidunen azido nukleikoen (ADN eta ARN) ikerketan jarduten duen zientzia
  • Paleontologia: fosilak ikasgai hartzen dituena
  • Ekologia: izaki bizidunak haien artean eta ingurunearekin ezartzen dituzten harremanak ikertzen dituena
  • Zitologia edo zelularen biologia: zelularen egitura eta funtzioa aztertzen duena
  • Immunologia: immunitate-sistemaren funtzionamendua ikergai hartzen duena
  • Astrobiologia edo Exobiologia: Lurretik kanpoko bizia ikertzen duena (balizko bizia, zehatz esanda)
  • Fisiologia: bizidunen prozesu fisiko-kimikoak ulertzen saiatzen dena
  • Etologia: animalien portaera aztertzen duena
  • Taxonomia: bizidunak sailkatzen dituena
  • Bioteknologia: produktu onuragarriak lortzeko izaki bizidunak (mikrobioak, batez ere) erabiltzen dituena.